... & press enter to start

EMAITZA KANPAINA : Trantsizioak gure esku !

16 urria, 2023 / BY EHLG / EHLG

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) bere emaitza kanpaina berria 2023ko urriaren 16tik azaroaren 26ra eramanen du, TRANTSIZIOAK gaiaren inguruan.

Agroekologia, agro-oihangintza, etxaldeen autonomia garatzen dituzten laborantzaren eredu iraunkorrako trantsizioak sustatzea… hau da Euskal Herriko Laborantza Ganbarak Iparraldeko etxaldeetan eta lurralde mailan finkatu dituen eginkizunak, laborariak laborantza herrikoiaren oinarriak aplikatzen lagunduz.

Laborariak dira aktore nagusiak, etxaldeetan « egiten » dutenak. Guk haien praktikak hobetzen laguntzen ditugu, erosten dituzten gaietarik libratzeko eta klima aldaketaren ondorioeri egokitzeko.

 

〰️

Aurten zure beharra dugu berriz datorren urtean eramango ditugun proiektuak gauzatzeko :

–  Etxaldeak autonomia handiagoa ukaiten lagundu : EHLGk laguntza ekartzen die Euskal Herriko laborarieri kanpoko erosketen menpe ez egoiteko teknika eta tresnak plantan ezartzeko (ongarri trukatze edo salmenta, bio-ongarriak etxaldean fabrikatzea, belar-kentze mekanikoa, etab.) ;

– Memento berean, laguntza horrek laborantza praktikak klima-aldaketari egokitzeko gakoak ekartzen ditu, aterabide alternatiboak proposatuz (alor hautuak egokitzea, pozoineri alternatibak atxemaitea, entseguak eramaitea, etab.) lurzoruaren bizitza eta biodibertsitatea errespetatzeko, ur-baliabidea babesteko, kontsumitzaileei kalitatezko produktuak eskaintzeko helburuarekin beti ;

–  Etxaldeak trantsizio energetikoaren bidea hartzen laguntzea, batez ere, zura eta egurra etxaldeetan balorizatuz eta
landatze edo berritze proiektuak lagunduz (hesiak, fruta-arbolak).

 

〰️

Klima, energia, ingurumena, elikadura eta gizarte erronkeri begira, laborantza herrikoiak erantzunak badituela segur gira.

Ipar Euskal Herriko laborariak trantsizio hauen aktore aktiboak dira.

Lurralde-erronkeri erantzuten dieten ekintza horiek gauzatzen lagundu nahi gaituzu ?

Trantsizio horiek eraikitzen laguntzeko molde bat da Euskal Herriko Laborantza Ganbararen lana emaitza baten bidez sostengatzea. Jakin ezazu ekarpen ttiki bakoitzak gure helburuak lortzen lagunduko gaituela.

 

Emaitza bat egiten ahal diguzu

– linean (ordainketa segurua) >>

– edo laguntza-bonoa postaz bidaliz : bonoa deskargatu >>

 

EHLG laguntzea, Euskal Herriko laborantza herrikoia sostengatzea da, trantsizioan parte hartzea da.

Ez gehiago igurika, emaitza egin iezaguzu !

 

 

Urriaren 10ean, Agnès Sallaberry, Beñat Molimos eta Iker Elosegik kanpaina berria prentsari aurkezten zuten.

 Prentsa txostena deskargatu >>

 

〰️

EMAILE LEKUKOTASUNAK

 

🌼​  Michèle Elichirigoity, Bordaleko emailea

« Bordelen, nun bizi naizen, Bordaleko Euskal Etxea euskal kulturaren ordezkaria da eta Euskal Herriko errealitate ekonomikoa ezagutarazi nahi du. Enplegua, lurraldearen eta laborantza lurren zaintzaren alde lan egiten duten elkarteko ordezkariak errezebitzeko ohitura du… 2010ean, Euskal Herriko Laborantza Ganbara gaztearen aktualitatea segitu ginuen auziperatua izan zelarik eta Idoki eta Bio labelapeko produktuak saltzen hasi ginen ere gure dendan. Orduan, 2021. urteko Ondarearen egunen karietara, tokiko garapenaren alde lan egiten duten eragile batzu Bordeleko jendeari presentatu nahi izan dugularik, EHLG elkartearengana itzuli nintzen. Geroztik, emaile bilakatu naiz, fisikoki urrun bainan gogotsu. Konbentzitu ninduten argumentuak ? Lehenik, abiapunduaren originaltasuna : ikuspegi kolektibo bat, aho batekoa eta baketsua. Gero, lurraldean finkatua den proiektua garatzea eta giza-faktoreak kondutan hartzea. Azkenik, etorkizunari buruz jotzeko xedea.N Argumentu horiek ongi aurkeztuak zaizkie web guneko bisitarien eskura utzia den komunikazio material bikainean. Izar Lorea aldizkariaren artikuluen kalitatea preziatzen dut baita elkartearen formakuntza proposamenak. Adibidez, etxalde transmisioaren eta laborantzan instalatzearen aldeko ekintzek ene arreta guzia bildu dute. LURRAMA ezinbesteko hitzordua omen da. Aurten, « emazteen lekua » izanen da gai nagusia, kantuz aritzeko lekua ere badela ikusi dut : erabakia hartua dut ! LURRAMA etxaldera joango naiz, agian Euskal Etxeko beste kantari batzuekin eta, segurrenik, boneta buru gainean argazki huntan bezala ! »

 

🌼  Beñat Elkegaray eta Jean-Jacques Carriquiriborde, ELKAR enpresa, Maule

« Euskal Herriko Laborantza Ganbara laguntzen dugu, hebenko laborariek tresna kolektibo bat sortu beitute. Orekatutako tresna bat, bai sozial arloan, bai kalitatezko ekoizpenen sailean, bai ingurumenaren errespetuan. Hortan da gure lurraldearen aberastasuna. Uste dugu, industrian ere, ber bidea jarraiki behar dugula.»

 

🌼  Nadia Ansolabehere, laboraria Anhauzen

« Ene sustengua ekartzen diot Euskal Herriko Laborantza Ganbarari, eguneroko lan bat eramaiten duelako laborantza herrikoi eta iraunkor baten alde. EHLGko langile trebe eta osoki inplikatueri ene sustengua ekartzen diet ezen ene etxealdeari buruzko desmartxa eta hartu erabakietan laguntzen bainaute. EHLGri ene laguntza ekartzen diot Euskal Herriaren garapen dinamiko baten alde den laborari sare batean sartzeko aukera emaiten dautalako. »

 

🌼  Terexa Goicoechea, GOICOECHEA enpresa, Ortzaize

« Hiru belaunaldiko artisau aktore ekonomikoa, Goicoechea familiak Euskal Herriko Laborantza Ganbarako baloreak sustengatzen ditu. Gure lurraldeari lotuak izanki, Ortzaizeko zeramika eta poteria enpresa mantentzen eta garatzen entseatzen gira. Pasioa eta kreatibitatearekin eraman ditugun urte horiei esker, gure lana ezagutua eta baloratua izan da. Enpresa hau, Iñaki eta Maitena, bi seme-alabek segituko dutenez, aktibitatea eta lanbideak mantentzeko oportunitatea badugu. Gure gaur egungo helburua da, autonomia eta interdependentzia ahalbidetzea globalizazioari erantzuteko. Lantzen dugun materia gure harrobitik ateratzen da, gure hornitzaileak herrikoak dira eta banaketa zirkuitoak gure eskupean dira. Luzaran irauteko, produkzio eta zerbitzu kalitate hobetzeak ez du sekulan gelditu behar. Laborantza munduko aktoreak laguntzen baititu geroari sinesten, eta lan noble hau balorizatzen baitu, EHLG-ko politikak hunkitzen gaitu. Gure lurraldea aberatsa da, bere garatzea eta zaintzea gure esku da. »

 

🌼  Xabi et Johan Harluxet, laborariak Ahatsan

« Aita ta ama hasi ziren hilabetero EHLG diruz laguntzen, haren sortzetik. Balio haundia du guretzat holako estruktura bat etxetik hurbil ukaiteak. Desmartxa juridiko eta administratibo desberdinetan lagundu gaitu Laborantza Ganbarak. Laborantza iraunkorra oinarritzat harturik, sail bakotxan formakuntza ainitz eskaintzen ditu laborarier. Jakin izan du aintzindari izaiten eta gaur egun eskainiak diren zerbitzu batzu hor baizik ez dira atxemaiten. Formakuntza kolektiboak eginez, EHLG-k ainitz laborari elgar kurutzarazten ditu eta batak bestetik ikasteko parada emaiten. Egun guziz egiten dugun lanean entseatzen gira gu ere egin ahala laborantxa herrikoi eta iraunkor bati lotzen, guretzat zentzua baitu manera hortan lanean hartzeak. Gero ta gehiago ohartzen gira ze xantza dugun gure aintzinekoek holako egitura bat muntaturik, Euskal Herritik urruntxago joaitean laborantxak ez baitu batere itxura bera… Bainan badakigu hori guziak gastu bat baduela beraz guretzat normala da laguntzen segitzea. »

 

TOP