... & press enter to start

EHLGren 21. urtemugan, Herriko sailen kondu segurtatu lanaren aurkezpena

19 urtarrila, 2026 / BY EHLG / EHLG

Euskal Herriko Laborantza Ganbara elkarteak 21 urteak ospatu ditu joan den larunbatean Ainiza Monjolosen, elkartearen egoitzan.

Goizeko biltzar publikoari esker, laborantza garapen egiturak eraman lanak publiko anitza bati aurkeztuak izan zaizkio.

Joan den urteko aktibitateen bilan baten eta heldu diren proiektu nagusien aurkezpenaren ondotik, bilkuraren bigarren partea hiru Herriko desmartxeri interesatu da: Herriko haragia (Euskal Herriko behikia, 350 hazle, 3 hiltzaile), Herriko ogia (Euskal Herrian ekoiztu garia, irina eta ogia, 16 laborari, eiherazain bat eta berrogeita hamar bat okin-ofiziale) eta Herriko garagarnoa (Euskal Herriko garagarnoa, 6 laborari, malteria bat, 9 garagardogile).

Tokiko hiru laborantza sail horiek elikaduraren bertokiratzea dute helburu nagusia, baita etxaldetako alorren dibertsifikatzea, eragile guzien ordainsari zuzena bermatzea, kalitatezko jakiak proposatuz, ingurumena eta baliabide naturalak errespetatzen dituzten baldintza agiri batzueri esker.

2024an merkaturatu 138 tona haragirekin, hots Euskal Herriko haragi kontsumoaren % 3 baino gutixago, 2013an sortu Herriko haragia sailak lanean segitzen du bere aktibitatea tokiko banaketa zirkuitu ezberdinen bidez garatzeko, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako animatzaile baten laguntzarekin. Potentziala hor da, lurraldeko behi haragi guziak tokiko beharra asetzen ahal bailuke.

EHLGk Herriko ogia saila laguntzen du ere bai, 2013an sortu zenetik. Laguntza teknikoa segurtatzen du gari barietateen hautatzeko, hainbat entsegu plantan ezartzeko (ereiteko memento egokia, dentsitatea, tratamendu alternatiboak, lurra irauli gabe zuzenean ereitea, etab.), laborariak formakuntzeko, alorren segipena eta aholkularitza teknikoa segurtatzeko, uzta eta logistikaren antolatzeko, etab.

Azkenik, Herriko saileko gazteena – tokiko garagarnoa – etorkizuneko urrats kolektiboa da. Horretan ere, EHLGko teknikari batek laguntza teknikoa segurtatzen du garagar ekoizpenaren jarraipenean, jaz adibidez landu diren 20 hektareetan. Joan den azaroko Lurraman lehen aldikotz zerbitzatua, Herriko garagarnoa jastatzeko parada izanen da aurten ere, ekitaldi desberdinetan.

Aro euritsua aproposa zen eguna bazkari goxo batekin segitzeko. Bazkaltiarrek ohiko zikiro herrikoia gozatu dute. Ibawa konpainiak dantza garaikide estiloko ikusgarri bat eskaini du ondotik Ainiza Monjoloseko Zuentzat etxean.

 

EHLGk jarraikitzen dituen urrats kolektiboetaz info gehiago  >>

 

TOP