... & press enter to start

NATURA 2000
LARRUN XOLDOKOGAINA

Jokoan dena

“Larrun Xoldokogaina” mendiguneko Natura 2000 proiektua 2000. urtean abiatu da ofizialki.

2000. urtean Larrun Xoldokogaina mendiguneko “habitateen” (ZSC) Natura 2000 proiektua izendatzeko fasea ofizialki abiatu zen. Proiektua 2006an aberaztua da, Lizarrieta mendiko “hegaztiak” (ZPS) gunea abiatzarekin.

Biriatu, Urruña, Sara eta Azkaineko mendietan hedatzen den gune natural ohargarria da. Ondare natural aberatsa, dibertsifikatua eta partikularra sailkatua izan da.

Mendi eta itsasoaren eraginagatik, interes amankomuneko espezie eta bizi-ingurumen anitz atxemaiten dira (Euskal Herri mendebaldeko eremu hezeak, oihanak, Europa mailan arraroak diren landare eta animale motak, migrazio-pasaia azkarra…).

Ondare horren begiratzea, aktibitate sozio-ekonomikoeri eta laborantza edo oihangintzari hertsiki lotua da. Proiektuaren jokagai nagusia da orduan artzaingoa eta oihangin aktibitateak atxikitzea, aisialdi eta turismo aktibitate berrien garapen iraunkor batekin.

Mintzaldi eta diagnostika lehen fase batek, Natura 2000 proiektuaren helburu dokumentua sortu du ZSC partearentzat (habitatak), erran nahi baitu gunearen kudeaketa planoa idatzia izan dela. ONF eta Departamenduko xanbrak idatzia (hemen ikus), 2007an ofizialki aitortua izan da.

Euskal Hirigune elkargoak, proiektuaren buru eramailea 2008. urtetik, Euskal Herriko Laborantza Ganbara hautatu du, Akitaniako CREN-aren partaidetzarekin, 2010etik 2013ra proiektuaren aplikazio eta animazio lana eramaiteko. Akzio anitzak plantan ezarri dira : ikerketa lanak gunea hobeki ezagutzeko (cf. laukia), komunikazio eta informazio kanpaina (artikulu, esku paper, bilkura publiko…).

Laborantza diagnostika oso bat eramana izan da, laborantza proiektuaren zentroan berriz jartzeko. Ala baina, mendi horietako paisai eta biodibertsitatea Gizona eta mendiaren harteko mendez mendeko harremanari lotua da. Gaur egungo aberastasun naturala ohizko mendiko laborantza eta oihangintza aktibitateek sortu dute :

– larre eremu ideki hedatuak, Europa mailan larre arraroak dituztenak eta artzaingoari, libreki ibiltzen diren pottokeri edo eta ohizko garbitze praktikeri (iratze moztea bezala) esker mantentzen direnak,

– zuhaitz lepatutako oihan zaharrak, bizi-ingurumen inportanteak dira marmutxa arraro ainitzentzat eta oihangintza teknika zaharren emaitzak dira, egurraren erapilpena eta oihanean alhatze sistemak elgarrekin erabili dituztenak.

– bizi-ingurumen ohargarri ainitz, zohikaztegi, harpe, ezponda edo ere arroileko oihanak bezala, biodibertsitate ohargarri haundia errepresentatzen dutenak, mantenduak izan dira denboran mendiko laborantza estensibo eta iraunkor bateri esker.

Bigarren bat, diagnostika-fasean dena, ZPS deitu gune sailkatuan egin da 2012an. Euskal Hirigune Elkargoak finkatu helburuen dokumentua  (DOCOB) 2015ean egiazkotua izan da ofizialki.

CEN Aquitaine : https://cen-aquitaine.org
EHE : www.communaute-paysbasque.fr/eu/

Bilakaera

Baina gaur egun alhatze lurralde horiek bilakaera haundiak jasaiten dituzte. Mendiko alhatzea murrizten da eta mantentze laborantza lanak utziak dira emeki emeki. Egungo mendiaren erabilpena ulertzeko, tokiko berrogeita hamar bat hazle bildu dira 2010eko maiatza eta iraila artean. Ohartarazi dute mendiko laborantza ainitz aldatu zela azken 20 urteetan. Mendira igorritako ardi kopurua%70ez beititu da eta bertan alhatze denbora hiru aldiz laburragoa da. Lehen ardiak maiatzetik azarora egoiten ziren mendian, 4 eta 10 asteren artean egoiten direlarik gaur egun udazkenean, jeizte saisoina bukatu ondotik.

Mendiaren uzteak arrazoin ezberdinak ditu :

– gero eta laborari guttiago

– ekoizpen baldintzen eboluzioa (artalde emankorragoak baina gero eta ahulagoak, mendiari ez egokituak)

– mendiaren beste erabiltzaileekin elgar bizitzeko zailtasunak : turismo kopurua beti emendatzen, estekatuak ez diren xakurrak, mendiaren kudeatzeko manerari buruzko ikuspundu desberdinak ihiztari eta oihanginen…

 

Mendiko alhatzearen murrizteak da eta mantentze laborantza lanen uzteak larren sasitzea sortzen du. Iratze, ote edo laparrek lehenengo larre edo pentzeetan hedatzen dira. Eremua orduan hesten da, landaretza pobretzen da eta espezi ahulenak desagertzen dira. Azkenean, bilakaera horiek paisai eta ekologi banalizazio eta homogeneizazio bat sortzen ditu, su haundien arriskua emendatuz.

Guneen animazioa

Natura 2000 programak europar mailan ohargarriak diren espezi eta ingurumen naturalen mantentzea du helburu. Erabiltzaileeri lurraldearen kudeaketan parte hartzea permititzen du, natura errespetatzen duten tokiko praktikak sustengatuz. Hortarako, EHLG eta CEN Aquitaine egiturek DOCOB-ean idatzitako akzioak plantan ezarri dituzte 2010 eta 2013 urteen artean. Geroztik, Euskal Hirigune Elkargoak segitzen du Natura 2000 guneen animazioan. Bestalde EcoGIS bulegoa hartu dute ere “Larrun Xoldokogaina” mendigunean eraman akzioen eragina ebaluatzeko.

Kontaktua

Argitxu Luro

argitxu@ehlgbai.org
05 59 37 18 82

TOP