Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) bere urteko emaitza kanpaina abiatu du berriki. Karia hortara, trantsizioen gaia jorratzen segitzen du beti, aurten, agro oihangintza lan saila aitzinera emanez.
EHLGren lehen misioa trantsizioen sustatzea da, laborantza modelo herrikoi, iraunkor eta solidarioa garatzeko Euskal Herrian. Laborantza herrikoiaren oinarriak besterik ez dira. EHLGk laborariak ildo horretatik laguntzen ditu azken 19 urteetan. Eta, sortu denetik (2005ean), hainbat lan ardatz ideki ditu, hauen artean agro oihangintzarena, duela 10 urte hain zuzen.
> Agro oihangintza : zertaz ari gira ?
Agro oihangintzak, zuhaitz edota hesiak alor edota hazkuntzari elkartzen dituen praktika agroekologikoa da. Helburua da arbolek dituzten onurak erabiltzea laborantxa ekoizpenean.
Hala da, arbolak onura frango ditu ! Pentze eta alor batean, haizea mozten du, itzala eta freskotasuna ekartzen kabaleri, mikroklima bat sortzen ere bai eta lurzoruen emankortasun hobetzen du.
Etxaldearen heinean, arbolak lur higadura mugatzen du, egurra eta fruituak emaiten, pentze eta alorren zedarritzeko baliatzen ahal da, baita egurra inaurki gisa. Kabalen bazkatzeko preziagarria da belarra eskas delarik pentzeetan eta, ora har, kabalen eta gizakiaren ongizatean parte hartzen du.
Lurraldearen heinean, bioaniztasun iturri da, uraren kalitatea segurtatzen du eta ura erregulatzen, paisaia hobetzen ere bai. Gainera, hesi eta zuhaitz isolatuek lotura egiten dute xara eta oihanekin, sare aberatsa sortuz. Eta orokorki ? Zuhaitzak karbonoa biltzen du.
Agro oihangintza sistema laborantza ekoizpen mota anitzeri elkartzen ahal da eta zuhaitz espezie frango nahasten ahal dira, mugagabeko konbinazioak eskainiz.
Zuhaitzak isolatuak izan daitezke pentze batean, lerroz lerro, taldean edo pentzearen mugetan (hesi, arbol lerrokadura, arbol isolatuak). Pentze-fruitu baratzeetan ere aurki ditzazkegu (sagardietan, etab).
Euskal Herrian, ezaugarri ezberdineko hirurogei tokiko espezie baino gehiago kondatzen dira : lizarra, haritza, haltza, basagerezia, pagoa, urkia, gaztainondoa, burruntzia, elorria, adarduna, intsusa, sagarrondoa, gereziondoa, aranondoa… Landaketak lurzoru bakotxaren jiteari eta lur zatien orientazioari egokitzeko ahala emaiten dute.
Agro oihangintzak laborantza herrikoiaren hainbat printzipioekin bat egiten du, hala nola : etxaldeen eta laborarien autonomiarekin, naturarekin lan egitearekin eta produktuen kalitatearekin.
Lurralde mailan, sistema honek aterabide interesgarriak ekartzen ditu klima, energia, ingurumena, elikadura, gizarte erronka eta trantsizio beharreri begira.
Proiektuaren sortzea, landaketen jarraipena, formakuntzak, EHLGk Iparraldeko laborarien agro oihangintza proiektuak hurbiletik segitzen ditu.
> Euskal Herriko Laborantza Ganbarak paisaia landatzen
Agro oihangintzak interes anitz dituela konbentziturik, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak lan sail hau 2014an abiatu zuen.
Denbora osoz ari den animatzaile batek laborarien proiektuak jarraikitzen ditu etxaldeetan, landatze proiektuak plantan emaiten lagunduz, etxaldetako zuhaitz eta hesiak iraunkorki kudeatzen lagunduz, formakuntzak antolatuz baita hainbat ekitaldi ere.
Jarraikitzen dituen proiektuak desberdinak dira, laborarien beharren arabera eta etxaldeko ekoizpenen arabera. Izan hazkuntza (ardi, behi, hegazti, xerri, etab.), baratzezaintza, mahastizaintza, arbolazaintza… proiektu bakotxa bakarra da.
EHLG sentsibilizatze eta pedagogia lana segurtatzen du ere bai ikastetxeekin, gelan baita ere landatze xantier kolektiboak antolatuz.
Bestalde, EHLG-k beste hainbat proiektu jarraikitzen ditu. Hauen artean, Gaztaina elkartearendako gaztainondo landaketa lanak laguntzen ditu, eskura ezarriak diren herri lur sailetan. Aurtengo urtarrilean adibidez, 113 gaztainondo landatuak izan dira Heleta herriko lurretan, Hazparneko Armand David lizeoko ikasleen laguntzarekin.
2014-2024 GAUZATUAK |
– Nazioarteko kolokio 1 (zuhaitz lepatuetaz) – Agro oihangintza praktiken 2 lehiaketa – 21 formakuntza – 33 km hesi landatuak – 50 laborari lagunduak landatze proiektuetan – 600 m hesi landatuak bataz-beste proiektuka, 60 arbol espezie baino gehiagorekin – 35 000 zuhaitz landatuak – Partaide anitzeko 2 proiektu et landatzeak edozein etxalde motetan ! |
> Zertarako zuen emaitzek laguntzen gaituzte ?
EHLGri emanak zaizkion emaitzek gure lurraldearen intereserako beharrezkoak diren elkarte-jarduerak diruztatzen dituzte, adibidez agro oihangintza.
Landatze proiektuek Euskal Herriko etxaldeetan loratzen segitzeko, herritarrek laborantxa herrikoi eta solidarioa sustengatzen ahal duzue, EHLGren ekintzak emaitza baten bidez lagunduz.
Partikularra izan ala enpresa, EHLGren laguntzea, laborantza herrikoiaren laguntzea da, trantsizioan parte hartzea da.
EHLGri zure atxikimendua erakutsi nahi baduzu, emaitza bat egin dezakezu
– Linean (ordainketa segurua) >>
– Postaz >>