... & press enter to start

LABORANTZA ETA ELIKADURA GUZION AFERA DA!

11 abendua, 2025 / BY EHLG / EHLG

2025eko abenduaren 9ko PRENTSA OHARRA

LABORANTZA ETA ELIKADURA
GUZION AFERA DA!

 

2017an, Euskal Hirigune Elkargoa (EHE) sortu bezain laster, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta ELBk proposatu zuten Ipar Euskal Herriko Laborantza eta Elikaduraren Erakunde Publiko bat sortzea, lurraldeko laborantza eta elikadura gaiei buruzko gogoeta kolektiborako leku baten sortzea helburu.

Laborantza eta elikadura politika publikoak eremaiten dituzten erakundeak (Estatua, Eskualdeko Kontseilua, Departamenduko Kontseilua, EHE), laborantza sindikatuak, garapen erakundeak, beste laborantza eragile motak eta gizarte zibila bilduko lituzken erakunde honek Ipar Euskal Herri mailan laborantza eta elikadura gaietan egokiak diren politiken koherentzian lan egiteko xedea luke.Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) ere lanean aritu da EHEk Ipar Euskal Herriko laborantzari eta elikadurari buruzko proiektu politiko bat izan dezan. EHLG-k plazerekin ikusi du joan den irailaren 27an Elkargoko Kontseilua bere “Laborantza eta Elikadura Politika” aho batez onartzen, barne izanez eragile anitz (laborariak, erakunde publikoak, Estatuko zerbitzuak, gizarte zibila, laborantzako eragileak, etab.)
biltzen dituen elkarte moduko trukaketa eta gogoeta gune baten sortzea.

EHEko Elkargoko Kontseiluak, joan den abenduaren 6an, gehiengoz Euskal Herriko Laborantza eta Elikaduraren Kontseilua elkarte gisa sortzeko printzipioa onartu zuen, hain zuzen ere gai horietan lan egiten duten edo interesa duten eragile guziak biltzea xede duena.

EHLGk bozka hori begi onez hartu du, eta Laborantza eta Elikadura Kontseilu hori Ipar Euskal Herriko Laborantza eta Elikadura Erakunde Publiko bat eratzeko lehen pausu bezala ikusten du.

EHLG harritu da halako Kontseilu baten sortzeko printzipioaren aurka agertu diren hautetsi kopuruaz. Uste dugu, oraindik badela lan egiteko laborantza eta elikadurarekin zerikusia duten indar guztiak biltzeko leku baten garrantzia azaltzeko. Laborantza mundua kinka larrian da, eta horrek aterabideak galdatzen ditu.

Egungo sistemaren mugak begi-bistan ditugu. Harritzen gaitu Departamenduko Laborantza Ganbara eta Prefeturaren gisako instituzioek elkarte horren iragarpenaren aitzin nola erreakzionatu duten. Iruditzen du duela 20 urte Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sortze garaiak berriz bizitzen ari girela!

Betidanik, Ipar Euskal Herrian ekimen eraikitzaileak herritarren gogoetatik sortu dira, eta proposamen hori dinamika hortan sartzen da. Hori dela eta, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak dei egiten die erakunde, laborari eragile eta gizarte zibileko kideei sortuko den Euskal Herriko Laborantza eta Elikadura Kontseiluaren sorkuntzan eta eztabaidetan parte har dezaten.

Gaur egun osoki ikuspegi korporatista batez eramana den laborantza eta elikagaigintza testuinguruak erakusten du ez duela eraginkortasunik laborari kopuruak atxikitzeko. Immobilismotik ateratzeko garaia da, Euskal Herriko laborariei esperantza emateko beste antolaketa mota batzuen asmatzeko eta entseatzeko garaia da. Jendarteko eztabaidetan laborantza eta elikadurak gero eta garrantzi handiagoa dutela ikusirik, halako iniziatibak beste lurralde batzuetan ere baluke leku.

 

Ainiza-Monjolose, 2025/12/09

TOP