Laborantzak paisaiak ere moldatzen ditu. Eta orohar, bizi kalitatea eta ingurumenaren egoera, hein haundi batean, laborariek hautatu ekoizpen moduen araberakoa izanen da : hobea ala eskasa.
Ipar Euskal Herriko laborantza ereduaren berezitasunak bere errealitatea, bilakaera, tendentzia eta dinamikeri buruzko jakitate xehea izaitera behartzen gaitu. Herri mailako edo herri elkargo mailako ezagutza izaitea ezinbestekoa da bestalde, lurraldearen baitan diren berezitasunen konduan hartzeko gisan.
Alta, beste sektoreetan gertatzen ez den bezala, laborantzari dagozkion datuak eta zenbakiak departamendu ala eskualde mailakoak dira bakarrik gehien gehienetan. Ipar Euskal Herriko laborantza ereduaren berezitasunak ezagutzerat utzi gabe, beraz.
Euskal Herriko Laborantza Ganbararen xedeetarik bat behatoki ekonomikoaren eraikitzea da. Helburua datu zenbakitu zehatz eta anitzen biltzea da, lurraldeko laborantzaren ezaugarrien eta ingurmenaren hobeki ezagutzeko : ekoizpen sailak, baliostatze moduak, datu sozialak, ekonomikoak, ingurumenari lotuak…
Behatokia, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak denen zerbitzura jartzen duen tresna da. Bertaratu datuak galdegiten dituenaren esku ezarriak izanen dira, izan elkarte, ikasle, kolektibitate ala instituzio…
Behatokiak bildu, landu eta zabaldu datuak, laborantza politiken emaitzak neurtu eta eztabaidatzeko baliagarri izanen dira, gomendioen egiteko oinarri ere bai bide beretik. Laborantza munduko aktore guzien zerbitzura, bakotxak ereman ekintzak hautatu, gauzatu eta neurtzeko balio izanen duten datuen ezagutaraztea da Euskal Herriko Laborantza Ganbararen xedea.
Behatokiaren lehen emaitzak atxemanen dituzue azpian. Sortu daitekeenaren adibide dira. Datuak gehituak eta eguneratuak izanen dira, azterketa eremuak zabalduak, lurraldeko eragileen beharren arabera.