Otsoak agerraldi eta desmasia batzu eginak ditu azken urteetan, 2022ko udan Landibarre eta Izurako mendietan ; Larrun aldean eta ondotik Bardozen 2025eko martxoan.
Otsoa Alpeetara eta Hexagonoko gainerako lekuetara duela 30 urte baino gehiagotik itzultzeak erakusten du, babes neurriak harturik ere (babes zakurrak, gau parkeak, artzain laguntzaileak, etab.), kanpoko hazkuntzan ari diren laborariek presione haundi bati aurre egin behar diotela (erasoak, tentsione psikologikoa…). Ainitzek lurrarekin harremanik gabeko hazkuntza sistema baterat lerratzen dira edo hazkuntza alde bat uzten dute.
Zientzialari ainitzen ustez, otsoen eta kanpoko hazkuntzaren arteko bizikidetza ez daiteke izan ez bada “bata bestearendako harreman bortitzik” gabe. Hau da, babes neurrien gain, otsoak berriz ere jendeen eta kanpoko hazkuntza jardueren beldur izan behar dira.
Frantses Estatuak otsoaren erasoen aintzinean asmatu dituen dispositibo administratiboak ez dira Ipar Euskal Herriko hazkuntza testuingururako egokiak. Laborantza herrikoia, gure lurraldean biziki errotua dena, bereziki kanpoko hausnarkarien hazkuntzan oinarritua da. Ipar Euskal Herriko kabale tropetan otso erasoen emendatzeak hazkuntza modu hori sakonki zalantzan ezarriko luke. Segur aski, laborari ainitzen jarduera gelditzea ekarriko luke, baita lurrarekin harremanik gabeko hazkuntza ereduaren garapena, erasoen aintzinean babes eraginkorrerako aukera bakar gisa.
Otsoaren presentzia iraunkorraren arazoa, beraz, nahi den hazkuntza motarekin lotu beharra da : edo kanpoko hazkuntza (mendi edo azpiko eremuetan) edo lurrarekin harremanik gabeko hazkuntza.
Elkarbizitza, hots “gatazkarik gabeko bizitza” ez dator bat otsoa den eremuetako laborariek bizi dutenarekin. Elkarrekin bizitzeaz hitz egin behar da, eta kabaleen erasoak eraginkortasunez kudeatu ahal izateko irtenbideak bilatu beharko dira.
Euskal Herriko Laborantza Ganbararentzat, kanpoko hazkuntza da lehenetsi eta indartu behar da. Otsoen eta gure kanpoko hazkuntza ereduaren arteko elkarbizitzaren zailtasunak ikusirik (mendian edo ez), Euskal Herriko Laborantza Ganbarak :
– bioaniztasuna zaindu behar den testuinguru batean, botere publikoen lehentasuna kanpoko hazkuntza eredua sustatzea izan behar dela baieztatzen du ;
– botere publikoei galdatzen die publiko zabala hobeki informatua izan dadin tropak babesteko erabiltzen diren neurrietaz (sareak, babes zakurrak) ;
– pentsatzen du arazo hau ez dela soilik laborarien problematika bat, baizik eta Ipar Euskal Herriko jendarte osoa ukitzen duela, eta honek gaia kolektiboki tratatu behar duela ;
– adierazten du Xiberoko Mendi Sindikatak gure eremua “Harrapari erasoen aintzinean nekez babes daitekeen eremu” bezala sailkatzea interesgarria dela ;
– behar izanez, erasoak murrizteko defentsa-tiroen alde egiten du, tiro egileen segurtasun juridikoa bermatuz ;
– Estatuaren zerbitzuek lurraldean berezitutako brigaden mobilizazio eraginkorra bermatu behar dutela uste du ;
– jarrera hau politika publikoak orokorki plantan ezartzeko kontuan hartua izan dadin nahi du, bereziki Euskal Mendia PNR proiektuaren baitan.
2025/09/19an Ainiza-Monjolosen Euskal Herriko Laborantza Ganbarako biltzar nagusiko kolegio desberdinek aho batez bozkatua (ken abstentzio bat)
Mozioa bere osotasunean irakur >>
