... & press enter to start

Euskal Herriko Laborantza Ganbararen mozioa Ipar Euskal Herrian otsoaren erasoei buruz

31 martxoa, 2026 / BY EHLG / EHLG

Otsoak agerraldi eta desmasia batzu eginak ditu azken urteetan: Landibarre eta Izurako mendietan 2022ko udan, Larrun aldean eta ondotik Bardozen 2025eko martxoan.

Otsoa Alpeetara eta Hexagonoko gainerateko lekuetara duela 30 urte baino gehiagotik itzultzeak erakusten du, babes neurriak harturik ere (babes zakurrak, gau parkeak, artzain laguntzaileak, etab.), kanpoko hazkuntzan ari diren laborariek presione haundi bati buru egin behar diotela (erasoak, tentsione psikologikoa…). Ainitz lurrarekin harremanik gabeko hazkuntza sistema baterat lerratzen dira edo hazkuntza alde bat uzten dute.

Zientzialari ainitzen ustez, otsoen eta kanpoko hazkuntzaren arteko bizikidetza ez daiteke izan ez bada “bata bestearendako harreman bortitzik” gabe.

Hau da, babes neurrietaz gain, otsoak berriz ere jendeen eta kanpoko hazkuntza jardueretaz beldur izan behar dira.

Frantses Estatuak otsoaren erasoen aintzinean asmatu dituen dispositibo administratiboak ez dira Ipar Euskal Herriko hazkuntza testuingururako egokiak.

Laborantza herrikoia, gure lurraldean biziki errotua dena, bereziki kanpoko hausnarkarien hazkuntzan oinarritua da. Ipar Euskal Herriko kabala tropetan otso erasoen emendatzeak hazkuntza modu hori sakonki zalantzan ezarriko luke. Segur aski, laborari ainitzen jarduera gelditzea ekarriko luke, baita lurrarekin harremanik gabeko hazkuntza ereduaren garapena, erasoen aintzinean babes eraginkorrerako aukera bakar gisa.

Otsoaren presentzia iraunkorraren arazoa, beraz, nahi den hazkuntza motarekin lotu behar da : edo kanpoko hazkuntza (mendi edo azpiko eremuetan) edo lurrarekin harremanik gabeko hazkuntza.

Elkarbizitzak, hots “gatazkarik gabeko bizitzak”, ez du otsoa den eremuetako laborariek bizi dutenarekin bat egiten.

Elkarrekin bizitzeaz hitz egin behar da, eta kabalen erasoak eraginkortasunez kudeatu ahal izaiteko aterabideak xekatu beharko dira.

Euskal Herriko Laborantza Ganbararentzat, kanpoko hazkuntza da lehenetsi eta indartu behar dena.

Otsoen eta gure kanpoko hazkuntza ereduaren arteko elkarbizitzaren zailtasunak ikusirik (mendian edo ez), Euskal Herriko Laborantza Ganbarak:

– bioaniztasuna zaindu behar den testuinguru batean, botere publikoen lehentasuna kanpoko hazkuntza eredua sustatzea izan behar dela baieztatzen du;

– botere publikoeri galdatzen die publiko zabala hobeki informatua izan dadin tropak babesteko erabiltzen diren neurrietaz (sareak, babes zakurrak);

– pentsatzen du arazo hau ez dela soilik laborarien problematika bat, baizik eta Ipar Euskal Herriko jendarte osoa hunkitzen duela, eta honek gaia kolektiboki tratatu behar duela;

– adierazten du Xiberoko Mendi Sindikatak gure eremua “Harrapari erasoen aintzinean nekez babes daitekeen eremu” bezala sailkatzea interesgarria dela;

– behar izanez, erasoak murrizteko defentsa-tiroen alde egiten du, tiro egileen segurtasun juridikoa bermatuz;

– Estatuaren zerbitzuek lurraldean berezitutako brigaden mobilizazio eraginkorra bermatu behar dutela uste du;

– jarrera hau politika publikoak orokorki plantan ezartzeko konduan hartua izan dadin nahi du, bereziki Euskal Mendia PNR proiektuaren baitan.

 

:::

Euskal Herriko Laborantza Ganbarako biltzar nagusiko kolegio desberdinek aho batez bozkatua (ken abstentzio bat) 2025/09/19an, Ainiza-Monjolosen.

 

Mozioa osoki irakurri >>

TOP